IÑAKI GOIKOETXEA ARRUFAT

"Zuhaitza bezalakoa naiz, sustraiak bere herrian eta adarrak munduan zabalik dituena"

Eduardo Chillida eskultore donostiarraren esaldi hau nire bizitzarekin lotu daiteke orain dela 30 urte Irunen (Gipuzkoa) jaio nintzenetik. Giza-zientzietan lizentziatua: Komunikazio espezialitatea, 2008 urtea. Hori jartzen du unibertsitatean ikasi eta gero lortu nuen tituluan, oinarri zabal horren gainean nire ibilbide profesionala eraikitzen joan naiz.
Alde batetik kazetari lanetan, Teledonosti edo El Diario Vasco bezalako komunikabidetan eta, bestetik, hainbat bekekin eta guztien artean nabarmenena bi urtez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan egindakoa, Eusko Jaurlaritzaren arloa Euskal Etxe eta euskal diasporarekin harremanak bideratzeko.


Bitartean jakin-mina izan dut beste hainbat esparrutan esperientzia lortzeko. Begirale eta zuzendari lanak egin ditut udaleku askotan eta 2014ko Ruta Quetzal BBVA-n, kultura eta euskararekin lotura izan dut orain dela hamar urte Betti Gotti Euskara Kultur Elkartean boluntario izan naizelako, bidaiari amorratua bost kontinenteetako txokoak ezagutu ditut eta bidai koordinatzaile izan naiz El Paso Noroeste agentziaren eskutik (beti bidaietan pentsatu behar da!), irakasle lan txikiak egin ditut eta egunen baten esperientzia hau zabaltzea espero dut; hauekin batera, beste arlo batzuk ere ezagutu ditut, besteak beste, gazteria politikak, sare sozialak, mugaz-gaindiko lankidetza edo telebistako hainbat saio.


Hau guztia pixkanaka elkartzen joan da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) komunikazio teknikaria izan naiz eta Irungo Udaleko kultura eta gazteria arloetan lan egiten dut.


Gainera, denbora honetan beste hainbat proiektu sortu dira eta horien artean nabarmenena 'Dancing in the Basque Country', da, lagunen koadrilarekin eta asmo handirik gabe egindako bideoa eta gaur egun, Youtuben izandako 470.000 ikustaldi baino gehiagorekin, jende askorentzat Eúskal Herriko paisaiak ezagutu eta erakusteko erreferentea dena.


Orain GipuzkoAround erronka badator, gai hauetan guztietan sakontzen jarraitzeko proiektua.